Despedimos a nuestro conserje tras 22 años de dedicación - Julian Gayarre Ainariak - Ikasnova
Despedimos a nuestro conserje tras 22 años de dedicación - Julian Gayarre Ainariak
Gure atezaina agurtzen dugu 22 urteko dedikazioaren ondoren.
2026/02/13
Gaur egun hunkigarria bizi izan dugu gure ikastetxean. 22 urtez familia honen parte izan ondoren, gure Mikel Barcinak beste ikastetxe batean etapa profesional berri bati ekingo dio.
Urte hauetan guztietan, ikasleen belaunaldiak hazten ikusi ditu eta gure historiako une garrantzitsu askotan presente egon da. Bere azken egunean, lankideek eta ikasleek maitasuna eta esker ona adierazi dizkiote bere dedikazioagatik eta gertutasunagatik.
Etapa berri honetan onena opa diogu.
Eskerrik asko 22 urte hauengatik! Hemen duzue erran dizkiogun hitzak:
Mikel Barcinak, almadiazainek bezala, ugaltearen ibilbidea jarraitzea erabaki du, eta Zangozako institutuak fitxatu du egun osoko jardunaldia eskainiz.
Benetan pozten gara lan egoera nabarmen hobetu zaiolako, baina tristatzen ere gara gure eskolako atea hogeita bi urte baino gehiagoz defendatu duen pertsona galtzeagatik. Inork ezin zuen sinetsi Mikelek ikastetxea uzten zuenik. Zalantzarik gabe, Hezkuntzako neguko merkatuko fitxaketa izarra izan da. Zeinen zorte handia duten Zangozan!
Hogeita bi urteko agurrak hogeita bi minutu edo gehiago iraun lezake, baina badakit Mikeli izua eraginen liokeela horrelako aukera bateik, eta badakit, gainera, zein gaizki pasatzen ari den gu uzteko eta bere bizitzari hain aldaketa handia emateko azken aste hauetan.
Hitz hauek ere ezin ditugu hogeita bi segundoan utzi, ez litzateke bidezkoa izanen.
Orduan 2,2 minutu bilatuko ditugu, hemen gauden guztiok behar baino gehiago sufri ez dezagun.
Bada esaldi krudel bat, baina ez faltsua, inor ez dela ezinbestekoa dioena. Hala izanen da. Baina egia da Mikel Barcina, a priori, ordezkaezina dela, eta datorren astetik aurrera inor ez dela egonen bere lanpostuan, orain hutsik geratzen baita. Ez dakit jabetzen garen egoera honen ondorioez.
Astelehenetik aurrera, Mikelen hutsuneak utziko digun hotzaz gain, nork zainduko ditu eskolako beroa eta ongizate fisikoa? Agian zuzendari-begirada gaixoa izanen da, baina errepidetik, ugaltearen bertzaldetik, ikastetxera luzatutako lehen begirada gure tximiniari bero eta zoriontasunez kea ote darion ikusteko izaten da. Mikelek, bertze gauza askoren artean, urte hauetan guztietan erosotasun pribilegio "txiki" hau bermatu digu. Eta, kontuz, ez baitzen lan bakarra botoi bat sakatzea, sarritan Mikelek ezpal-galdara zarpailean igeri egin behar izan baitu berokuntza-sistema martxan jartzeko.
Ikasleek ere faltan botako dute. Mikelek bere sarrerako momentuak partekatzen zituen eta txantxetan ari ziren elkarrekin, elkar agurtzen... Bai, hotza sumatuko dugu eskola goizetan!
Patioko belarra egoera baikorragoa ikusten duen izaki bakarra da: noraino haziko da Mikel gabe?
Eta xehetasun batek txundituta utzi nau Mikeli idatzi dizkiogun agur-oharrak irakurtzean. Nola gogoratuko dute gure ikasleek Mikel eskolan? Bada goizean maitasunez agurtzen zituen lagun bat bezala, hau da, errespetuz tratatatzen zituen pertsona bat bezala; eta baloi eta pilotak desenkalatzen zizkien super gizon bat bezala!. Zaila da arrasto politagorik uztea.
Jaso gure txaloa, Mikel, eta gure besarkadak ere bai. Gozatu zure lan berriaz! Eta jarraitu baloiak desenkalatzen lan egiten duzun toki guztietan.
